EUSKARAREN NORMALIZAZIOA
Zer da?
Durangoko Eskola Kontseiluak, udal eta ikastetxeetako ordezkarien partaidetzarekin, 2022 eta 2023 bitartean Durangoko hezkuntzaren diagnosi partekatuko prozesu bat jarri zuen martxan, Durangoko hezkuntza beharrak eta erronkak zehazteko helburuarekin. Diagnostiko lan hori Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Elhuyar Fundazioak egin zuten, eta, gaur egun, Udal Eskola Kontseiluak lanean jarraitzen du Hezkuntzak tokian-tokian dituen erronkei erantzun bateratu bat emateko.
Diagnostiko horren helburuen artean dago Durangoko euskararen erabileraren azterketa eta esku-hartzea, bai herri mailan, bai eskola mailan. Hona hemen aurkeztutako datuak:
Durangon euskaraz gehien egiten dutenak haurrak dira: 2 eta 14 urte artekoen artean, %37,8. Gazteen erabilera (%25,2) ia hamahiru puntu beherago dago. Are apalagoa da euskararen erabilera helduetan (%18,8). Azkenik, adinekoak dira euskara gutxien erabiltzen dutenak (%14,5). Datu horien arabera, euskaraz hitz egitea ez dago lotuta euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin; izan ere, Durangoko haur eta gazte gehien-gehienek euskaraz egiten dituzte ikasketak, eta, beraz, euskararen erabilera handiagoa espero zitekeen.
Bildutako datuen arabera, euskararen erabilera orokorra murriztu egiten da bai Durangon eta baita EAEn ere. Egoera desberdinetan, euskararen erabilera orokorra jaitsi egin da, bai ikasgela barruan, ikasleen artean, bai ikasgelatik kanpo.
Datu hauek eskuan, Landako Eskolak Euskararen zabalkundeari begira egiten duen lanak garrantzi handia hartzen du eta esparru ezberdinetan jardutea eskatzen du.
Euskararen erabileraren normalizazioaren inguruko lan-eremuak:
- Euskararen erabilera sustatu eta indartzeko, ikasleei zuzendutako ekintza desberdinak, formalak eta ez-formalak.
- Bertsolaritza eskola.
- Euskararen irakaskuntza aberastu eta hobetzeko irakasleen etengabeko formakuntza.
- Guraso Elkartearekin batera antolatutako eguerdiko dinamizazioak.
- Familien sentsibilizazioa.