Azken hilabeteotan gure ikastetxean ilusio handiz garatu dugun proiektu berezi baten emaitza aurkezten dugu: eskolako abestia sortu eta bideoklipa ekoiztu. Hezkuntza komunitateko hainbat eragileren elkarlanari esker posible izan den ekimen honek, helburu komun baten inguruan batu ditu herriko ikasle, familia, irakasle eta musika eragileak.
Proiektuaren lehen urratsa abestiaren letra sortzea izan zen. Lan hau Amaia Trejok egin zuen, eskolako irakasle eta amak. Bere ekarpenari esker, ikastetxearen balioak, eguneroko bizipenak eta komunitatearen identitatea islatzen dituen testua osatu zuten.
Ondoren, hainbat bilera egin genituen Guraso Elkartearekin proiektua zehazteko, eta horrek balio izan zuen ekimenaren oinarriak finkatzeko eta komunitatearen ikuspegia jasotzeko.
Behin letra bukatuta, Guraso Elkartearekin adostuta, Maider Lopezengana jo genuen. Maider ikastetxeko ama da eta, aldi berean, Bartolome Ertzilla Kontserbatorioko irakaslea. Proiektuaren berri eman genion, eta galdetu genion ea letratik abiatuta musika sortzeko prest egongo zen. Zorionez, erronka onartu egin zen, eta bere sormenari esker, abestiak melodia eta nortasun musikala hartu zituen.
Lehenengo musika-demoarekin, Bartolome Ertzilla Kontserbatorioarekin harremanetan jarri ginen. Gure proiektua aurkeztu genien eta abestian parte hartzeko aukera eskaini genien, bai irakasleei eta baita ikasleei ere. Hasieratik argi genuen Irati Bilbao, Landako Eskolako ikasle ohia, izango zela abeslari nagusia eta eskolako ikasleek ere ahotsa jarriko zutela, abestian koruak eginez. Kontserbatorioak berehala adierazi zuen parte hartzeko prest zegoela. Bereziki eskertu nahi dugu beraien laguntza eta inplikazioa, funtsezkoak baitira ekimenak arrakasta izan dezan.
Hurrengo pausoa grabaketa izan zen. Horretarako, Berrizko Lorentzo Records disketxearekin jarri ginen harremanetan. Bertan grabatu zuten abestia, profesionaltasun handiz eta partaide guztien ilusioa bilduz.
Azkenik, proiektuaren hurrengo faseari ekin diogu: bideoklipa sortzeari. Horretarako, ikastetxeko eguneroko bizitza, ikasleen parte hartzea eta gure lan egiteko modua erakustea erabaki genuen. Bideokliparen bidez, gure hezkuntza sistemaren oinarriak, erabiltzen dugun metodologia eta komunitate osoaren arteko elkarlana islatu nahi izan ditugu. Ikasleak dira proiektuaren benetako protagonistak, eta haien ikasketa-prozesua, harremanak eta bizipenak bideoklip osoan zehar erakusten dira. Horren ondorioz, ikus-entzunezko lan bat sortu da, ikastetxeko balioak, identitatea eta hezkuntza-eredua uztartzen dituena.
Eskerrik beroenak proiektuan parte hartu duten pertsona, erakunde eta talde guztiei. Haien laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen ekimen hau.
1 thought on “Landako Eskolako abestia”